ASAJER elkarteak pertsona gazteei eta kirol-apustuei emango die arreta Joko Arduratsuari buruzko Nazioarteko Egunean.
Gaur egun, kirol-apustuak kezka eragiten ari dira gizartean, batez ere, nerabeekin eta gazteekin lotuta.
Kirol-apustuak aurrez aurre egin daitezke, joko-establezimendu batean (tabernak, joko-aretoak, apustu-etxeak), edo, bestela, linean (Interneten bidez).
Mendearen hasieran Estatu Batuetan eta Kanadan ezarri zituzten lineako kirol-apustuetako lehen enpresak, eta mundu osotik hedatu ziren.
Internet agertu eta gure eguneroko bizitzan txertatu zenetik, lineako jokoa asko hazi da. Sarean jokatzea askoz erakargarriagoa da hainbat pertsonarentzat, etxean, bakarrik eta inork ikusi gabe jokatzeko aukera ematen duelako. Gaur egun, telefono mugikorra bihurtu da lineako jokoetara sartzeko modurik ohikoena, berehala sartzeko aukera ematen duelako eta urteko 365 egunetako 24 orduetan erabil daitekeelako. Bestalde, errazagoa da joko-jokabidea ezkutatzea, eta horrek jokabidea antzematea zailtzen du.
KIROL-APUSTUAK EUSKADIN
Euskal Autonomia Erkidegoan, 2008an agertu ziren apustu-etxeak, eta apustuak egiteko makinak instalatu ziren ostalaritza-lokaletan eta joko-establezimenduetan. Apustu-etxeen eraginez, joko-erregelamendu berria egin zen Euskadin.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egiten duen EUSKADIKO MENDEKOTASUNEI BURUZKO INKESTAREN (2017) arabera, euskaldunen % 7,3k egiten dituzte kirol-apustuak. Gazteak dira joko horren zale nagusiak, eta beren artean % 6 hazi da jardun hori. Kezkagarria da gazteen –15 eta 34 urte bitartekoen– arteko nagusitasun hori, joko-modalitate hura gehien erabiltzen dutenak baitira.
ASAJER elkarteak jokabide-mendekotasunen arloan lan egiten du, eta, antzeman duenez, gutxi gorabehera 2017an artatu zituen pertsonen % 20-25ek arazoak dituzte kirol-apustuekin.
«Ez erre apustuekin» lelopean, ASAJER elkarteak kanpaina bat abian jarriko du, zeinaren bitartez, gazteak sentsibilizatu nahi dituen kirol-apustuetan kontrolik gabe aritzeak ekar ditzakeen arriskuen inguruan. Besteak beste, kanpaina galera ekonomikoen arriskuan ardaztuko da; izan ere, autonomia pertsonala lortze aldera, alderdi hori oso garrantzitsua da gazteen artean. Bestalde, «jokatuz dirua lortuko dut bidaiatzeko, nahi ditudan gauzak erosi ahalko ditut, aberatsa egingo nahiz…» ideiekin amesteak mugan bizitzea, nork bere burua engainatzea eta errealitatetik at egotea dakar.