Gure seme-alabak sare sozialetan Gurasoek zer dakigu horretaz?
Zer dira gizarte-sareak?
Internetek eskaintzen dituen espazioak dira, non
hainbat pertsona erregistra daitezkeen. Harremanak
mantendu eta berriak egin, laguntasuna, interesak, zaletasunak,
argazkiak, ekimenak edota iritziak partekatu;
horiexek gizarte-sareen helburuetako batzuk.
Zergatik dira horren erakargarriak gaztetxoentzat?
Hainbat arrazoi daude, besteak beste:
- Gizarte-sareei esker gaztetxoak etengabeko harremanean daude (kontuan izan behar da berdinen arteko taldeek zer-nolako garrantzia duten adin jakin batzuetan), edozein unetan eta inolako araurik jarraitu beharrik gabe. Edozein leku eta unetan konekta daiteke eta, gero eta gehiago telefono eramangarriaren bidez.
- Gaztetxoek parte hartu egiten dute eta berezko edukia sortzen dute: ekitaldiak sortzen dituzte, oharrak uzten dituzte beste pertsona batzuen guneetan, argazkiak edota bideoak igotzen dituzte, etab.
- Mezuak, bideoak edota argazkiak parteka ditzakete.
- Beren gizarte-bizitza antolatzen dute.
- Interesgarri zaien talde batean parte hartu edo kausa baten alde egin dezakete.
- Beste pertsona batzuekin online moduan joka dezakete.
Mundu hori ongi ezagutzen dutela sentitzen dute eta haren funtzionamendua kontrolpean dutela. Horrek interesa areagotzen die.