ONLINE ZUREKIN | Zer da?
Zer da?

Ausazko eta diru jokoak txarto erabiltzeagatik gero eta gazte gehiago gure Elkartera hurbiltzen direla ikusi dugu. Izan ere, lehen batezbestekoa 40 eta 45 urte bitartekoa bazen ere, orain 25 eta 35 urte bitartekoa da. Esan beharra dugu azken hamarkada honetan umeak eta nerabeak bideojokoak erabiltzera ohitzen hasi direla eta duela gutxiago baita “teknologia berriak” ere: hots, sakelakoak eta Internet.
Gaztetxoenak horretara bultzatzeko arrazoien artean aipatzekoak dira gizartearen presioa, jakin-mina, ez aspertzeko sentsazio biziak bilatzea, debekatutakoak duen erakargarritasuna,… Horiek guztiek euren aisialdian jokoan aritzeko ohitura hartzea bultza dezakete.

Jokoa eta teknologiak modu osasuntsuan erabil badaitezke ere, gazte batzuek horiek kontrolatzeko arazo larriak dituzte. Horrek guztiak hainbat ondorio dakar, besteak beste: komunikazio arazoak, bakardadea, ikasketetan errendimendu eskasa izatea, eskolara ez joatea, gurasoekiko harremanetan arazoak izatea, umore aldaketak, depresioa, apatía, motibaziorik eza, lo alterazioak, urduritasuna, arazo fisikoak (ikusmena, bizkarra…), jokatzen jarraitzeko senideei lapurreta txikiak egitea, teknologia berriekin zerikusia duten produktuen erosketan eta/edo kontsumoan gehiegizko gastua sortzea.

Talde horietan egindako prebentzio-lanak nagusiagoak diren beste taldeetan baino emaitza hobeak eman ditzake. Izan ere, beraien nortasuna eta jokabideak garatze-bidean daudenez, errazagoa da osasuntsuak ez diren ohiturak aldatzea eta osasuntsuak direnak indartzea.

2003. urtean ON LINE ZUREKIN Aholkularitza Zerbitzua martxan jarri zen. 30 urtetik beherakoei zuzenduta dago eta bere helburua da ausazko joko, bideojoko eta teknologia berriak erabiltzearekin, neurriz gaindi erabiltzearekin eta/edo horiekiko mendekotasuna izatearekin zerikusia duten egoeren inguruan gazteei aholku emateaz gainera, hezkuntza, familia eta gizarte esparruan ere orientabidea ematea.